DBH1 ebaluazio irizpide orokorrak


1. Zehatz-mehatz eta zorroztasunez interpretatzea ezaugarri eta eskala desberdineko proiekzio kartografikoak. Koordenatuak erabilita mapetan tokiak edo espazioak kokatzea; legenda eta ikurren bidez irudikatutako espazioei buruzko informazioa lortzea, eta ondorioak ahoz edo idatziz jakinaraztea.
1.1. Ea ezagutzen dituen meridiano eta paralelo nagusiak esferetan, planisferioetan eta mapetan.
1.2. Ea toki jakin bat eta zenbait gertaera geografiko kokatzen dakien hainbat eskalatako atlasetan eta mapetan, eta, hala dagokionean, koordenatu-sistema erabiltzen ere bai.
1.3. Ea geografiako eta historiako gaiei buruzko informazio garrantzitsuena biltzen duen eta azaltzen duen, ahoz edo idatziz, mapak, planoak eta horietan adierazten diren zeinu konbentzionalak abiapuntu hartuta.
1.4. Ea distantziak kalkulatzen dituen eta orientazioa lantzen duen, zenbait mapa eta plano erabilita.
1.5. Ea erabiltzen dituen zenbait irudikapen espazial, era bateko edo besteko azalerak adierazteko.
1.6. Ea alderatzen eta deskribatzen dituen, ahoz edo idatziz, gaikako mapa desberdinen artean hauteman daitezkeen korrelazio batzuk.
2. Zenbait eremutako ingurune fisikoa osatzen duten oinarrizko elementuak mapan kokatzea, Euskal Herrikoa abiapuntu dela (ozeanoak eta itsasoak, kontinenteak, erliebe-unitateak eta ibaiak), eta leku horietako ezaugarri nagusiak aztertzea.
2.1. Ea ezagutzen eta kokatzen dituen Euskal Herriko mapan Bizkaiko golkoa, erliebe-unitate nagusiak eta ibai nagusiak.
2.2. Ea ezagutzen eta kokatzen dituen Iberiar penintsulako mapan hura inguratzen duten ozeanoak eta itsasoak, erliebe-unitate nagusiak eta ibai nagusiak.
2.3. Ea ezagutzen eta kokatzen dituen munduko ozeanoak, kontinenteak eta erliebe-unitate eta ibai nagusiak esferetan, planisferioetan eta mapetan.
2.4. Ea deskribatzen dituen hainbat eskalatako mapak abiapuntutzat hartuta (topografikoa, planisferioa...), horietan irudikatzen den espazioaren oinarrizko ezaugarri fisikoak.
2.5. Ea adierazten dituen zenbait ezaugarri fisiko (erliebe-unitateena, batik bat) mapa jakinak erabilita (sestra-kurbak, profil topografikoak...). 3. Zenbait prozedura erabilita, paisaia nagusiak osatzen dituzten ezaugarri fisiko nabarmenenak alderatzea eta laburbiltzea (erliebea, klima, urak eta elementu biogeografikoak), Euskal Herriari eta Espainiari garrantzi berezia emanda; horiek espazioan kokatzea eta giza taldeei ematen dieten aukeren erlazioa egitea.
3.1. Ea ezagutzen eta deskribatzen dituen klimaren elementuak (tenperatura, prezipitazioak, presio atmosferikoa...), eta Euskal Herriko, Iberiar penintsulako eta munduko klima guztien ezaugarriak zehazteko erabiltzen dituen, eta baita gizakiaren bizitzaren zein alderdiri eragiten dioten edo eragin diezaioketen adierazteko ere.
3.2. Ea dakien zein diren klimaren faktoreak (altitudea, latitudea, kontinentaltasuna, erliebea...), eta Euskal Herriko, Espainiako eta planetako klimak azaltzeko erabiltzen dituen.
3.3. Ea ezagutzen eta kokatzen dituen hainbat eskalatako mapetan Euskal Herriko, Espainiako eta planetako klima-zonalde nagusiak.
3.4. Ea interpretatzen dituen espazio jakin baten klima-ezaugarriak, klimogramak erabilita.
3.5. Ea laburbiltzen dituen klimen eta paisaia naturalen oinarrizko ezaugarriak, koadro sinoptikoak erabilita.
3.6. Ea aztertzen dituen Euskal Herriko, Espainiako eta planetako paisaia-unitateen irudiak. Ea horiek dituzten elementuen ezaugarriak zehazten eta erlazionatzen dituen, eta aldeak erkatzen, zenbait eskalatako mapetan kokatzen, eta giza taldeekiko duten eraginaren eta aukeren adibideak ematen dituen.
3.7. Ea biltzen duen inguruaren informaziorik paisaiari zuzenean erreparatuta, ea erregistratzen dituen hura osatzen duten elementuei buruzko datuak, ea jatorri naturalekoak eta giza jatorrikoak bereizten eta zerrendatzen dituen, eta, adibideak emanda, ea han bizi diren biztanleen eguneroko bizitzan nola eragiten duten azaltzen duen.
4. Ingurune naturalaren gaineko giza ekintzaren eragina antzematea eta zenbait adibide azaltzea, debateak antolatzea kausak eta ondorioak aztertzeko, eta horiek murrizteko (tokian-tokian zein oro har) hartu behar liratekeen neurriak eta jarrerak adieraztea.
4.1. Ea erreparatzen dien paisaia jakinetan izandako aldaketa-prozesuak erakusten dituzten irudiei, eta ea lotzen dituen horiek eragile izan dituzten giza faktoreekin (nekazaritza-ustiapenak, industria-jarduerak, komunikabide-sareak, turismoaren garapena...).
4.2. Ea informazioa zenbait iturritatik biltzen duen eta gaur egungo ingurumen-arazo nagusiak deskribatzen dituen. Halaber, ea adierazten dituen arazo horiek eragin dituzten arrazoi posibleak eta dakien aurreikusten gizakien jarduerek, indibidualek zein kolektiboek, natura hondatzeko eragin ditzaketen ondorioak.
4.3. Ea ohartzen den Euskal Herrian natura kaltetzen duten zenbait arazo zehatzez, eta horiek eragiten dituzten kausez.
4.4. Ea biltzen duen ingurumen-arazoei buruzko, arazo horien kausei buruzko eta biztanleengan eragiten dituzten ondorio zehatzei buruzko informaziorik inguru hurbileko ingurumenari zuzenenean behatuta; eta, beste ikaskideekin batera, ea jarduera-proposamenak egiten dituen ondorioak arintze aldera.
4.5. Ea antzematen dituen zenbait ohiturak ingurumenean eragiten dituzten arazoak eta ondorio negatiboak, batez ere bere ohiturei eta inguruan dituenen ohiturei –kontsumoarekin zerikusia dutenei, batik bat– erreparatuta, eta ea adierazten duen proposamenik horiek zuzentzeko.
4.6. Ea biltzen eta laburbiltzen duen komunikabideetako informaziorik (bibliografia, prentsa, sarea...) deskribatutako ingurumen-arazo bakoitzerako dauden alternatibei buruz, eta baita natura babestea asmotzat duten zenbait erakunderen ekimenei buruzko informazioa eta talde ekologistei eta haien proposamenei buruzkoa ere.
5. Kronologia-unitateak eta konbentzioak erabiltzea, denbora historikoa eta bilakaera- eta aldaketa-nozioak grafikoki adierazteko, eta, gainera, aldi historikoei orokorrean aplikatzeko eta bereziki Euskal Herriko historiaurreko eta antzinako historiako gertaerak eta prozesuei aplikatzeko, baita orokorrean aplikatzeko ere.
5.1. Ea ezagutzen dituen historiaren garai eta aldi kronologiko nagusiak, eta historiaurreko ikonografia eta prozesuak; eta ea horiek kronologiaren arabera ordenatzen dituen eta grafikoetan adierazten dituen.
5.2. Ea ikasten eta erabiltzen dituen kronologia-unitateak (milurtekoak, mendeak, hamarkadak, urteak...); ea lotzen dituen urte jakinak dagozkien mendeekin; Kristo aurrekoak eta ondorengoak bereizten dituen, eta denbora-aldien, prozesuen, gertaera historikoen eta historiaurreko gertaeren iraupenari buruzko kalkuluak behar bezala egiten dituen.
5.3. Ea egiten duen ardatz kronologikoa gidoi batean adierazitako urratsei jarraituta; halaber, ea dakien zenbait denbora-unitate kokatzen (milurtekoak, mendeak, hamarkadak...), 0 urtea adierazten eta Kristo aurreko eta ondorengo garaiak bereizten.
5.4. Ea kokatzen dituen ardatz kronologikoan Euskal Herriko, Iberiar penintsulako eta munduko historiaurreko eta antzinako historiako zenbait gertaera, prozesu eta aldi esanguratsu.
5.5. Ea dakien denbora-epe edo zibilizazio jakin batean izandako zenbait gertaera eta prozesu (sozialak, ekonomikoak, teknologikoak, politiko-militarrak, artistikoak...) friso kronologiko batean irudikatzen eta haien arteko nolabaiteko lotura azaltzen, eta ea ezagutzen dituen denboran bere horretan irauten dutenak eta aldatu direnak.
5.6. Ea irudikatzen dituen friso kronologiko batean Antzinaroko bi zibilizazio edo gizartetan, edo gehiagotan, izandako gertaerak eta prozesuak, eta ea erlaziorik ikusten duen zibilizazio horien artean.
6. Iraultza neolitikoak gizadiaren bilakaeran eragin zituen aldaketak ezagutzea, eta zenbait laburpen-prozedura erabilita horiek adieraztea, eta izan zuen eragina eta eragin zituen ondorioak balioestea, gizarte harrapariak osatzen zituzten elementuekin alderatzean.
6.1. Ea dakien egiten hominizazio-prozesuari buruzko eskema-laburpena.
6.2. Ea galderarik egiten dion bere buruari gizarte harraparien bizimoduaren alderdi batzuei buruz (etxebizitza, jantziak, elikagaiak, tresnak, giza taldeak...), eta, zenbait iturritatik, ea biltzen duen horiei buruzko informaziorik, eta deskribatzen duen, termino egokiak erabilita.
6.3. Ea galderarik egiten dion bere buruari gizarte neolitikoen bizimoduaren alderdi batzuei buruz (etxe bizitza, jantziak, elikagaiak, tresnak, giza taldeak...), eta, zenbait iturritatik, ea biltzen duen horiei buruzko informaziorik, eta deskribatzen egiten duen, termino egokiak erabilita.
6.4. Ea dakien egiten gizarte harraparietako eta gizarte ekoizleetako gizakien bizimoduen arteko konparazio-taula; ea ondoriorik ateratzen duen, eta gizadiak bizi izandako aurrerapenek eragindako ondorioak balioesten dituen.
6.5. Ea dakien kokatzen Euskal Herriko, Iberiar penintsulako eta munduko mapetan historiaurreko aztarna nagusiak.
7. Talde lanean arituz, lehendabiziko zibilizazio historikoetako eta greziar zibilizazioko zenbait ezaugarri nabarmen bereiztea, greziar zibilizazioko jatorrizko elementuak ezagutzea eta, zenbait euskarri erabilita (digitala barne) ondorioak adieraztea.
7.1. Ea kokatzen dituen Mesopotamiako, antzinako Egiptoko eta Greziako zibilizazioen geografia-eremuak mapetan; horien zenbait ezaugarri adierazten dituen, eta ezaugarri horiek garapenean izan zuten eragina azaltzen duen.
7.2. Ea kokatzen dakien ardatz kronologikoetan Mesopotamiako, antzinako Egiptoko eta Greziako zibilizazioen denbora-aldiak; horretan, ea gai den zenbait gertaera historiko garrantzitsu adierazteko, eta ea haien artean izan zitezkeen harremanak zehazten dituen.
7.3. Ea biltzen duen informaziorik zenbait iturritatik —horien artean, lehen mailako dokumentu-iturrietatik— Mesopotamiako, antzinako Egiptoko eta Greziako zibilizazioen ezaugarri nagusiei buruz (eguneroko bizimodua, gizartea, ekonomia, politika...), eta ea deskribatzen dituen eta haien arteko konparaziorik egiten duen.
7.4. Ea ezagutzen dituen Mesopotamiako, antzinako Egiptoko eta Greziako zibilizazioetako artelanak; eta ea gai den haien zenbait ezaugarri deskribatzeko, alderatzeko eta utzi diguten arte-ondarea balioesteko.
8. Zibilizazio erromatarraren antolamendu politikoaren, ekonomikoaren eta sozialaren ezaugarriak bereiztea, eta Euskal Herrian eta Hispanian erromanizazioak izan duen garrantzia eta erromatarrek gure herrialdean utzitako ondarea balioestea.
8.1. Ea mapetan kokatzen dakien zibilizazio erromatarra non sortu eta nondik barrena hedatu zen —eremu geografikoa—; ea dakien friso kronologiko batean gertaera eta denbora-aldi garrantzitsuenak adierazten; eta ea antzinaroko beste zibilizazioekin lotzen dituen.
8.2. Ea biltzen duen informaziorik zibilizazio erromatarraren ezaugarri nagusiei buruz (eguneroko bizimodua, gizartea, ekonomia, politika...), eta deskribatzen duen.
8.3. Ea aztertzen dituen Erromatar Inperioa Europa osoan finkatzea eragin zuten kausak, eta baita ondorengo gainbehera eragin zutenak ere.
8.4. Ea ezagutzen dituen zibilizazio erromatarrari dagozkion artelanak; zenbait ezaugarri deskribatzeko gai den, eta utzi diguten arte-ondarea balioesten duen.
8.5. Ea kritikoki interpretatzen dituen zenbait informazioiturri, erromanizazioak Hispanian eta Euskal Herrian izan zuen garrantziari buruzko ondorioak ateratzeko.
9. Lehendabiziko zibilizazio historikoek (Egiptoko, Mesopotamiako, Greziako eta erromatar zibilizazioak) Mendebaldeko gure zibilizazioari egindako ekarpenak deskribatzea.
9.1. Ea ezagutzen dituen lehendabiziko zibilizazioek Mendebaldeko gure zibilizazioari egindako ekarpenak, greziar eta erromatar zibilizazioenak bereziki.
9.2. Ea deskribatzen duen ekarpen horiei buruzko adibide jakinik; esate baterako, artearen, kulturaren, filosofiaren eta hizkuntzaren arlokoak.
9.3. Ea adibide zehatzik deskribatzeko gai den Greziako zibilizazioak Mendebaldeko zibilizazioari egindako ekarpenez.
9.4. Ea Euskal Herriko eta Espainiako aztarna erromatar jakinik deskribatzeko gai den; orobat, ea dakien Mendebaldeko zibilizazioari egindako ekarpen kulturalak zein diren.
10. Informazio-iturri idatzietatik geografia- edo historia-edukiak kritikoki aztertzea, eta horien bidez lortutako informazioa behar bezala idatzita jakinaraztea.
10.1. Ea informazio-iturriak jatorriaren eta motaren arabera sailkatzen dituen.
10.2. Ea aztertzen duen historiari buruzko ikerlanak egiteko informazio-iturriek duten garrantzia, kontuan hartzen duen haien zorroztasuna eta ikuspuntua, eta dakien behin-behinekoak direla.
10.3. Ea biltzen duen indusketa arkeologikoetan oinarritutako informaziorik, jakinik hura dela historiaurrea lantzeko iturri nagusia.
10.4. Ea zehatz-mehatz definitzen eta mugatzen duen landuko duen gaia, eta erantzun nahi dituen galdera edo galderak argi eta garbi adierazten dituen.
10.5. Ea, gai jakin bat lantzeko, informazio-iturri egokiak aukeratzen dituen (bibliografia, fitxategia, estatistika-iturriak, Internet...).
10.6. Ea informazio egokia aukeratzen duen eta ideia nagusiak biltzen dituen.
10.7. Ea irakurtzen eta ulertzen dituen testu idatziak.
10.8. Ea euskarri egokiak hautatzen edo sortzen dituen bildutako informazioa erregistratzeko.
10.9. Ea lortutako informazioa zenbait euskarri —besteak beste, euskarri digitala— erabilita komunikatzen duen, laburpen, eskema, koadroa, grafiko eta antzekoen bidez, eta, horretarako, ea termino egokiak erabiltzen dituen.