GIZARTE ZIENTZIAK IKASGAIAREN HELBURUAK DBH ETAPARAKO


DBH etapan honako gaitasun hauek lortzea da Gizarte Zientziak IKASGAIAREN helburua.

1. Gertaera sozialak bultzatzen dituzten prozesuak eta mekanismoak eta gertaera politiko, ekonomiko eta kulturalen arteko harremanak ezagutzea; ezaguera hori, ondoren, gaur egungo gizarteen bilakaera eragin duten kausak ulertzeko erabiliko da, baita gizarte horietan gizonezkoek eta emakumezkoek betetzen duten zeregina balioesteko eta haiek izaten dituzten arazo nagusiak zein diren ulertzeko ere. Horren guztiaren helburua Historiaren ikuspegi zabala eta kritikoa eskuratzea da.
2. Ingurune fisikoaren oinarrizko elementuak zenbait eskalatan ezagutzea, kokatzea eta aztertzea, elementu horien arteko harremana ulertzeko, giza taldeek espazioa eta hango baliabideak nola erabiltzen dituzten ulertzeko eta erabilera horiek eragiten dituzten ondorio ekonomiko, sozial, politiko eta ingurumenaren arlokoak balioesteko. Horren xedea eguneroko bizitzako egoerei aurre egiteko modua hobetzea da.
3. Europako eta munduko geografia-aniztasunaren eta eremu geoekonomiko handien oinarrizko ezaugarriak ezagutzea, kokatzea eta autonomiaz aztertzea, baita Euskal Herriko ezaugarri fisikoak eta giza ezaugarriak ere. Hau da horren guztiaren xede: etorkizunean behar bezala aurre egin ahal izatea intereseko gizarte-arazo edo –auzi orori.
4. Euskal Herriarentzat garrantzitsuak izandako gertaera historikoen prozesuak denboran eta espazioan ezagutzea eta kokatzea; horri esker, Euskal Herria osatzen duten lurraldeen bilakaera historiko, sozial eta kulturala ikuspegi globaletik antolatu eta garatzea. Hori guztia Europako historiaren testuinguruan ezagutu eta kokatuko dute ikasleek, horietako gertaera bakoitzaren esanahi politikoa, ekonomikoa eta kulturala aintzat hartuta.
5. Gizateriaren historiako gertaera historiko eta prozesu garrantzitsuenak ezagutzea eta denboran eta espazioan kokatzea, haren bilakaeraren ikuspegi globala izateko eta hura interpretatzeko; eta, hala, komunitate sozialen aniztasunaren jatorria behar bezala ulertzeko.
6. Talde-lanak egitea eta gaur egungo gizarte-errealitateari buruzko debateetan parte hartzea, jarrera ekintzaile, eraikitzaile, kritiko eta tolerantez eta partaidetza horren xedea talde-laneko teknikak eskuratzea eta gizartean egoki integratzea izanda. Debate horietan, iritziek behar bezalako funtsa izan behar dute, eta elkarrizketa gizakien arazoei eta gizarte-arazoei aurre egiteko nahitaezko bidetzat jo behar da.
7. Euskal Herriko eta Euskal Herritik kanpoko arteadierazpen garrantzitsuenak ezagutzea eta balioestea, gizadiaren arte-garapenari kultura guztiek egindako ekarpenak aintzat hartzeko eta balioesteko; eta, orobat, nork bere kulturako eta beste kulturetako historia-, arte-, kultura- eta natura-ondarea balioesteko eta errespetatzeko, bere burua eta taldea aberasteko baliabidetzat hartuta.
8. Pertsona bakar eta konplexutzat ikustea ikasleak bere burua, eta bere kualitate nahiz akats pertsonalak ezagutzea, gainerako pertsonekiko harremanean. Ikaslea euskal herritar egiten duten ezaugarriez jabetzea eta ezaugarri horiek balioestea beren konplexutasun osoan; halaber, euskal herritartasuna beste talde batzuetako kidetzarekin eta gizateriako kidetzarekin partekatzea, gizarte bat eraikitzen laguntzeko, tolerantziazko eta errespetuzko jarrerak hartuz.
9. Kultura-aniztasunari balioa ematea, herrien eta norbanakoaren nortasun-eskubidetzat hartuta; gure komunitate sozialen eta kulturalen aniztasuna aintzat hartuz, posible izango da horietan aktiboki parte hartzea, gainerako kulturekiko tolerantziazko eta errespetuzko jarrerak izanda.
10. Gaur egungo gizarteek dituzten arazo larrienak eta ustez horiek eragin dituzten kausa historiko-sozialak aztertzea eta ezagutzea, haiei buruz nork bere iritzi kritikoa eta arrazoitua egin ahal izateko. Halaber, ekintza eraginkorrak sustatzea eta abiatzea, pertsonen eta gizartetaldeen arteko harremanak hobetzeko.
11. Geografiaren, Historiaren eta, oro har, Gizarte Zientzien ezaugarriak ikertzeko kontzeptu-tresnak, teknikak eta oinarrizko prozedurak aplikatzea, lan monografiko eta ikerketa txikiak egin ahal izateko (bakarka eta/edo taldeka), arloari dagokion hiztegia zehatz eta zorrotz erabilita.
12. Honako kategoria hauek antolatzea eta erabiltzea: denbora-orientazioa (iragana, orainaldia, etorkizuna); kokapen erlatiboa denboraren barruan (segida, aldiberekotasuna, diakronia, sinkronia); iraupena (gertaera faktualak, koiunturazkoak, egiturazkoak, iraupen labur, ertain edo luzeko fenomenoak); denboraren neurriak (denbora-unitateak, denbora eta kronologia historikoa). Horiek guztiek gizarteen bilakaera eta urteen joanean gerta daitekeena antolatzeko eta laburbiltzeko balio dute.
13. Hainbat iturritako informazioa zorroztasunez bilatzea, aukeratzea eta erlazionatzea; informazioa mota askotakoa izan daiteke: hitzezkoa, grafikoa, ikonoen, estatistiken eta kartografiaren bidez emandakoa, ingurune fisikoak eta sozialak ematen duena, eta komunikabideek eta informazio- eta komunikazio-teknologiek ematen dutena. Ikasleak behar bezala antolatuta eta ulertzeko moduan komunikatu behar ditu informaziobilaketaren emaitzak.
14. Ikaslearen partaidetzako nahiz erreferentziazko taldeen eta erakundeen antolamendu-egiturak eta ohiko funtzionamendu moduak aztertzea, gizarte demokratikoetan ohi den moldean; betiere, horiek guztiek oinarritzat dituzten funtsezko balioak eta printzipioak aintzat hartuta, eta herritarren eskubideei eta askatasunei erreparatuta. Hori eginez, gizartean parte-hartze kontzientea, arduratsua, kritikoa eta erabatekoa bultzatu nahi da; diskriminazioa eta bidegabekeria eragiten duten jarrerak eta egoerak salatuko dira, eta eskubiderik gabeko edo nahitaezko baliabide ekonomikorik gabeko herri, talde sozial eta pertsonekin jarrera solidarioa hartuko da.
15. Europako erakundeak eta haien antolaketa politikoa eta administratiboa ezagutzea eta aztertzea, ulertutzeko Europar Batasuna dela Europako herrien eta nazioen harreman- eta partaidetza-esparrua.
16. Irakasgaiaren edukiak nork bere erara eta sormenez adieraztea eta komunikatzea, zenbait hizkuntza erabilita datuak eta informazioak aukeratuta eta interpretatuta, eta nork bere ikaskuntza-prozesuari buruz hausnartuta.